XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nola ez dute gaixo sagua iretsiko holako bi gatu azkarrek?.

Ez dute iretsiko, delako saguak lehenik bere indarrak ez baititu ordu arte bezala alde guzietarat galtzerat utziko: Naparrako zelai mendiek bat eginen dute gizon multxo batzuen inguruan.

Bestalde, agertuko dira napartar gizonak, aski goiz eta beldurrik gabe konprenituko dutenak holako bi etsaieri ihardokitzeko behar zutela laguntza bat kausitu, ahalaz hurbilekoa, urruneko bi su emaileen beren lurretik haizatzeko.

Eta kanpoko laguntza hori kausitu dute Naparra zolan, Ebro aldean.

Laguntza horren izena da Banu Qasi.

Mahometano bilakatu familia baten izena: urruntxago ikusiko dugu nun zituen bere erroak.

Aski zauku mementoan jakitea, guti edo aski mahometano badira jende horiek, aski urrun daudela haatik Cordobatik, Espainiako Moroen kapitaletik, beren buruen jabe ahal bezanbat Ebro ibai bazterrean bizitzeko.

Horra beraz nehork Orriako gudua arte asmatuko etzuen josteta handi hortako lau ttanttoak.

Sinets nezazue ttantto horiek ez direla ttonttoak...

Lehenik, buruz buru, Aquisgran eta Cordoba.

Aquisgran, Frankoen kapital gaitza, eta Cordoban Espainiako Moroen hiri xoragarria.

Bat bestea bezain indar handikoak.

Bainan Jainkoari esker elgarren etsaiak dira, ardurenean bederen, eta, Jainkoari esker, biak Naparratik frango urrun.

Ezen Cordoba Espainia zolan da, eta Aquisgran Alemania hegian.

Bestalde, Musulmanak azkar badira Al-Andalus edo Espainia beherean, ez ditake berdin erran Toledotik Tudela arte hortaz: horgo Moroek baitute halako xuri aire bat, eta Emir edo Nausi Haundiaren ganik urrun, laket baitzaiote ahal bezanbat beren ber bizitzea Zaragoza ingurina hortan.

Eskualde hori ez da debaldetan deitzen Marca, erran nahi baita Muga.

Mugalari guzier ez ote zaiote laket libertatearen usain bizia?.

Bigarrenekorik, bi Handi horien artean huna bi Ttipi.

Ttipi, bainan ez beldurti.

Bestenaz ere bi kukuso ez ote dira aski bi Handiren loan ez uzteko?.

Alde batetik, badu ehun bat urte hurbil Ebro aldean Banu Qasi horiek ez dutela uzten Cordobako Nausia lo gozo baten egiterat.